Obesitatea larria edo morbidoa denean (40tik gorako GMI duten pazienteak), askotan beste gaixotasun batzuei lotua, tratamendu kirurgikoa gomendatzen da, eraginkorrena baita epe luzera. Kirurgia bariatrikoak (pisua galtzeko), gainera, gaixotasun jakin batzuen arriskua murriztu dezake obesitate larria duten pertsonengan.
5 urtean edo gehiagotan oso obeso izanda, beste tratamendu batzuekin, dietarekin, ariketarekin edo botikekin pisua galdu ez duten pertsonentzat lagungarria da kirurgia. Lotutako gaixotasun bat edo gehiago duten pertsonengan teknika hau azter daiteke, 40tik beherako GMI badute ere.
Teknika kirurgiko erabilienak, efikazenak eta albo-ondorio gutxien dutenak dira urdail-bypassa eta gastrektomia bertikala (tubularra). Urdailean gordailu txiki bat egiten dute bide laparoskopiko bitartez, zauri txikikoa.
Horrela egindako kirurgia bariatrikoa guztiz efikaza da eta gehienetan eutsi egiten zaio pisua galtzeari. Ondorioz, obesitateari lotutako gaixotasunek hobera egiten dute: diabetes mellitus (kontrol metabolikoak izugarri egiten du hobera eta murriztu egiten da ahotiko antidiabetikoak edo intsulina hartzeko beharra), hipertentsio arteriala, loaldiko apnea, giltzadura-arazoak, e.a. Laburbilduz, izugarri hobetzen du bizi-kalitatea, eta biziraupena luzegoa da.