<img height="1" width="1" style="display:none" src="https://www.facebook.com/tr?id=1302467143154317&amp;ev=PageView&amp;noscript=1">
Kontaktatu

IMQ Zorrotzaurre

Onkologia

Zorrotzaurre IMQ Klinikak minbiziari lotutako diagnostikoan eta tratamenduan eskaintza zabala du

Onkologia

Onkologia Klinikoaren espezialitateak minbizia pairatzen duten pazienteei diagnostiko, tratamendu eta jarraipena egitea du helburu.

IMQ Bilbao Institutu Onkologikoaren xedea minbizia duten pazienteei diagnostiko, tratamendu eta jarraipenaren prozesuetan asistentzia integrala eskaintzea da.

IMQ Bilbao Institutu Onkologikoaren talde medikoa Onkologia Medikoaren eta Onkologia Erradioterapikoaren espezialistak diren medikuz osatu dago. Bakoitzak dagokion espezialitate medikoan eta kirurgikoan parte hartzen du, paziente onkologikoen tratamenduaren estrategian diziplina ugariko jarduera asistentziala egiteko asmoz.

IMQ Bilbao Institutu Onkologikoaren egitekoa da onkologiako zerbitzu medikoak eskatzen dituzten pazienteei eskaintzea da, tratamendu eraginkorrenak eta teknika eguneratuenak eskainita, betiere kalitate eta segurtasuneko estandar gorenetan.

Esperientzia handia duten profesionalen taldea izateak eta apurka-apurka teknologia berriak sartzeak besteengandik desberdintzen gaitu.
IMQ Zorrotzaurre Klinikako Onkologia Unitateak, 1.300 m2 dituena, minbiziari dagokion diagnostiko eta tratamendurako arreta osoa eskaintzen du hurrengo zerbitzu, unitate eta profesionalak oinarri:

  • Erradioterapia Eremua erradio-onkologian bereizmen handiko teknologiarekin (bi azeleragailu linealak).
  • Eguneko Ospitale Onkologikoa, kimioterapia tratamenduak egiteko, 11 gelaz osatuta dago.
  • Pazientei arrera emateko Kontsultak Unitatea, berezko harrera gunea eta itxaron gela.
  • Kualifikazio handiko profesionalen Taldean; besteak beste, onkologo medikuak eta onkologo erradioterapikoak.
  • Paziente onkologikoentzako Ospitalizazio Unitatea banakako gelekin
  • Gaixotasun horri dagokion tratamenduari lotutako beste espezialitate eta zerbitzu batzuen integrazioa.
  • Teknologia berriak eta diagnostikatzeko baliabide aurreratuenak, hala nola, PET- OTA (ordenagailu bidezko tomografia axiala), Gammakamera eta OTArekin simulazioa.
  • Zerbitzuaren ordutegia: 8:00etatik 20:00ak arte, astelehenetik ostiralera

Zerbitzuen Eskaintza

 

Onkologia Erradioterapikoaren eta Onkologia Medikoaren kanpo kontsultetako aldi bereko zerbitzua daukagu diagnostikoa egin berria duten paziente onkologikoen lehenengo bisitak hartzeko. Horrez gain, jarraipena egiteko kontsultak ditugu tratamendu onkologikoa egin bitartean eta haren ostean. Gainera, bigarren iritziari buruzko kontsultak egiten dira, hala eskatzen dutenentzat.

Gaixorik dauden bitartean ospitalean egon behar duten pazienteei ospitaleko arreta egiten diegu, Barne Medikuntza zerbitzuaren barruko onkologia medikoaren eta onkologia erradioterapikoaren arloetako espezialistek eskainitako asistentziaren bidez

Kimioterapia tumoreen aurkako farmakoak ematea da, orokorrean zain barneko bidea erabilita edo ahoz eginda, tumoreko zelulak suntsitzeko asmoz. Kimioterapia eman baino lehen farmakoak eman ohi dira, tratamenduaren bigarren mailako eraginak gutxitze aldera.

Gure paziente gehienek kimioterapiako tratamendu onkologikoak modu anbulatorioan jasotzen dituzte, hau da, ospitalizazio barik, ahalik eta bizimodu errazena edukitzeko norberaren eta norbere familiaren ikuspuntuaren arabera. Horretarako, paziente onkologikoaren arretan espezializatutako mediku espezialistak eta erizainak ditugu.

Kimioterapiako tratamenduak emateko, banakako 11 gela ditugu, zabalak, erosoak, banakako bainu gelaz, telebistaz eta abarrez hornituta.

Kanpo Erradioterapian energia handiko erradiazio ionizatzaile sortak erabiltzen dira (batik bat X izpiak eta elektroiak), elektroien azeleragailu linealak izeneko makina berezietan sortutakoak. Normalean tumoreen ondoriozko gaixotasunak tratatzeko erabili ohi dira.

Erradioterapiaren helburua, bolumen zehatz baterako (tumorearen bolumena) erradiazio dosi jakin bat ematea da. Horrekin, ahal beste tumore zelula suntsitu eta tumorearen inguruko ehunetako zelula osasuntsuei eutsi nahi zaie.

IMQ Bilbao Institutu Onkologikoak 2 azeleragailu lineal dauzka IMQ Zorrotzaurre Klinikan kanpo erradioterapiako tratamenduak egiteko. IGRT (Irudiz gidatutako erradioterapia) teknologiaz hornituta daude, tratamenduaren bolumenei buruzko irudiak lortzen ditu hura ematen hasi baino lehen.

Pazienteak modu anbulatorioan heltzen dira tratamendua egitera, baina minutu gutxi batzuk irauten ditu.

Kanpo erradioterapiako tratamenduak tumoreei lotutako edozein patologiari ezarri ahal zaizkio eta modu nabarmenean laguntzen dute minbizia sendatzen. Honela erabil daitezke: sendatzeko tratamendu bakar gisa; sendatzeko eta organoari eusteko tratamendu kirurgikoaren ordezko aukera gisa; edo kirurgiaren tratamendu osagarri gisa, eta sarritan kimioterapia emateari lotuta.

Kanpo erradioterapiaren tratamendua prestatzea

  • Onkologia erradioterapikoaren espezialistak, pazientea eta ekarritako proba osagarriak aztertu ostean, gaixotasunaren oinarrizko diagnostikoa plazaratzen du eta ordezko aukera terapeutikorik onena aurkezten du, beste espezialistekin eta pazientearekin batera, erradioterapiako tratamenduaren preskripzioa eginda.

    Pazienteari tratamenduaren helburuak eta egon litezkeen bigarren mailako efektuak jakinarazitakoan, eta pazientearen baimenarekin, erradioterapiaren tratamendua prestatzeko faseari ekin ahal diogu.

    Tratamenduak Prestatzearen helburua, erradioterapiari dagokionez, erradiazio dosi jakin bat ematea da, tratamenduaren bolumenetarako egokia eta homogeneoa dena baina ehun osasuntsuetara ahalik eta dosirik txikiena joango dena.

    Prozesuari ekiteko, pazientearen egoera zehazten da, OTA simulagailu (eskaner) baten bitartez lortutako irudi axialak eskuratu ondoren. Erradioterapia egokituaren prozesua (3D-RT edo IMRT) ondo hasteko, pazientea ondo kokatu eta erabat geldirik egon behar da. Pazientea geldirik egoteko sistemei esker (maskara termoplastikoak; buruko, belaunetako edo oinetako euskarriak; koltxoneta hutsa; etab.), erradioterapiaren tratamendu osoa pazientea behar bezala eta berdin kokatzea lortzea errazagoa da.

    Gure Institutuan definizio handiko ebakidura anitzeko OTA bat daukagu. Haren bitartez, irradiatu beharreko bolumenak zehatzago kokatu eta definitu daitezke. OTA honek 80 cm-ko irekiera eta ikuspen eremu (FOV) zabala dauzka. Horri esker, irudiak hiru dimentsiotan (3D) berregin ditzake. Gainera, arnas gating sistema (4D irudiak) dauka, pazientea arnastean tumorearen desplazamenduak aztertzeko.

    OT-simulagailuan lortutako irudi eta datuak Plangintza Sistemara (sistema informatikoa) helarazten dira gero. Honetan, onkologia erradioterapikoaren mediku espezialistak artatu beharreko inguruneak eta bolumenak nahiz babestu nahi dituen organo osasuntsuak zehaztuko ditu. Azkenik, eman beharreko dosia zein tratamenduaren iraupena preskribatuko ditu.

    Plangintza Sistemaren bidez irudiak hartzeko modalitateen 3D “irudiak batu daitezke”: OTA, Erresonantzia Magnetikoa eta PET-OTA). Horri esker, irradiatu beharreko bolumenen eta organo osasuntsuen geometria zehaztasun eta segurtasun handiagoz mugatu daitezke.

    Erradiofisikoek (Ospitaleko Erradiofisikako espezialistek) irradiatzeko planaren gainerako parametroak zehaztuko dituzte: erradiazio mota, energia, eremu kopurua, sorten konformazioa, dosien banaketaren optimizazioa bolumen zurietan, ondoko organo osasuntsuetan xurgatutako dosiak zenbatzea, irradiazioaren dosiak zenbatzea, etab. Gainera, onkologia erradioterapikoko espezialistarekin batera tratamenduaren plana ebaluatuko dute.

Teknologia

Kanpo erradioterapiako teknikak

OTA, Erresonantzia edo PET-OTAren bidez lortutako 3D irudiak erabiltzen dituen irradiazio teknika da. Haren bitartez, Plangintza Sisteman, tratatu beharreko bolumen anatomikoak hiru dimentsiotan berregin eta (irradiazio eremuen forma geometrikoa tumorearen forma bolumetrikora) moldatu edo egokitu ditzakegu, artatu beharreko bolumenean irradiazio dosien espazioan modu zehatzago eta homogeneoagoan banatzeko.

IMRT, egokitutako RTren era aurreratuena da, izan ere, eremuen konformazio geometrikoaz gain, irradiazio sortaren argiaren intentsitatea modu geometrikoan eratutako eremuaren barruan egokitzen da. Horri esker, irradiazioaren bolumenak zehaztasun handiagoaz egokitu eta ehun osasuntsuak babestu daitezke. Horrek, aldi berean, tumore bolumenari irradiazio dosi handiagoak (dosien eskalada) eta segurtasun handiagoz emateko aukera eskainiko du.

IMQ Institutu Onkologikoan daukagun azeleragailu linealak zehaztapen handiko orri anitzeko kolimadorea du. Haren orriek 2,5 mm-ko lodiera dute. Hala, irradiazio eremuak zehaztasun handiz moldatu ditzakegu, tratamenduaren barruan kolimadorearen orrien mugimendu etenbakoaren bitartez irradiazio sorta modu dinamikoan moldatzen dugun bitartean. Hala, IMRT dinamikoaren teknika aurreratuenak egiten ditugu, esate baterako, intentsitate modulatuko arkoterapia bolumetrikoa (VMAT).

IGRTek tratamendu unitateetan irudi erradiologikoak hartzeko hainbat teknologia barne hartzen ditu (azeleragailu linealak). Beraren bidez irudia eta RTko tratamenduak bat egiten dira, tratamenduak emateko orduan zehaztapena bermatzeko asmoz. Horrela, ehun osasuntsuen gaineko kaltea mugatzen dugu eta tumorearen barne kontrola hobetzen da. Helburua irradiatu beharreko eremuen irudi erradiologikoak tratamenduarekin hasi baino lehen lortzea da. Hala, tratamendua modu zehatzago eta seguruagoan egin dezakegu.

Azeleragailu modernoek hurrengo aukerak dituzte tratamendu zehatzago eta seguruago emateko: tratamendua eman baino lehen irudiak hartzeko sistemak; megatentsioko X izpiak erabiliz lortutako irudiak; eta kilotentsioa: erradiografiak eta OTAren bidezko erradiografia zein irudiak, ConeBeam-CT bidez lortutakoak.

Talde

  • Guadalupe Abon Abril

    Onkologia Unitatea

    Onkologia Medika
  • Juan Manuel Cacicedo Egues

    Onkologia Unitatea

    Onkologia Medika eta Erradiopterapiakoa
  • Clara Eito Valdovinos

    Onkologia Unitatea

    Onkologia Erradiopterapiakoa
  • Ricardo Fernandez Rodriguez

    Onkologia Unitatea

    Onkologia Medika
  • Alicia Olarte Garcia

    Onkologia Unitatea

    Onkologia Erradiopterapiakoa

Ohiko galderak

Kimioterapia hitza tumorea tratatzeko behar diren medikamentu espezifikoen multzoa izendatzeko erabiltzen dugu. Behar ez den eran hazitako giza gorputzaren zelulei erasotzea da haren helburua, bai haiek suntsituta, bai haien hazkundea kontrolatuta. Kimioterapiako tratamenduetan aldizka edo zikloetan ematen ohi diren medikamentuak biltzen dira (astean behin, bitan,hirutan edo lautan). Medikazioa ere ematen zaie sarritan goragale, gonbito eta erreakzio alergikoei aurrea hartzeko.

Gutako bakoitzak erreakzio desberdinak ditu kimioterapiaren aurrean, eta bigarren mailako ondorioak tratamendu motaren araberakoak dira. Bigarren mailako ondorioak hasieran ez agertzeko eta aurrerago agertzeko aukera kontuan hartu behar da, tratamenduaren hainbat ziklo igarotakoan. Bigarren mailako ondoriorik ez agertzeak ez du esan nahi tratamendua eraginkorra ez denik. Izan ere, ondorio onberak eta toxikoak ez dira zertan aldi berean.

Informazio gehiago edukitzeko, ikusi kimioterapiaren bigarren mailako ondorioei buruzko gida.

Goragale eta gonbitoak bigarren mailako ondoriak dira, eguneroko bizimoduan eragin dezaketenak. Horiek agertzeko aukera eta haien intentsitatea erabilitako tratamenduaren, emandako dosien eta norbere sentikortasunaren araberakoak dira.

Orokorrean, goragale eta gonbitoak tratamenduak hasi eta gutxira agertzen dira eta normalean 24-48 ordu irauten dute, medikamendu batzuekin geroago azaldu daitezkeen arren (tratamenduaren hasieratik 2 edo 3 egunetara). Sintoma horiek antiemetikoak deritzeten farmakoen bitartez arindu daitezke. Antiemetikoak kimioterapiarekin batera eman ohi dira. Zure medikuak hala aholkatzen badu, etxerako tratamendua eskainiko dizu. Aurreikusitakoa baino gehiago luzatzen badira, medikuari edo/eta erizainari abisatu behar izango diozu, zer egin esango dizute eta ez zara deshidratatuko.

Informazio gehiago edukitzeko, ikusi kimioterapiaren bigarren mailako ondorioei buruzko gida.

Ilea galtzea edo alopezia bigarren mailako ohiko ondorioa da. Jende askorentzat bigarren mailako ondorio oso kezkagarria denez gero, zure mediku edo erizainak esan ahal izango dizu medikamentuaren eraginez ilea galduko duzun ala ez. Ez da tratamendu guztiekin gertatzen. Farmakoek ile folikuluan duten eraginarengatik gertatzen da, eta ilea galtzea dakar. Ilearen galerak gorputzaren beste alderdi batzuetan eragina eduki dezake, esate baterako, besapeak, besoak, hankak, bekainak, betileak, bizarra eta pubisaldea.

Ilea galtzea lehenengo tratamenduaren 15. eta 20. egunaren bitartean gertatu daiteke. Aldez aurretik mina eta azkura gertatu ohi da ile larruan. Gogoan izan tratamendua amaitutakoan ilea berriro haziko dela. Hainbatetan, beste kolore eta testura batekin egiten du. Erizainak ile larrua estaltzeko artikuluetan espezializatutako lekuen berri emango dizu: pelukak, zapiak...

Informazio gehiago edukitzeko, ikusi kimioterapiaren bigarren mailako ondorioei buruzko gida.

Erradioterapia tratamendu onkologikoaren xedea makina batetik energia handiko erradiazioak emititzea da, organismoaren eremu jakin batera zuzenduta. Tumore gaiztoen % 60 tratatzeko beharrezkoa da, sendatzeko zein mina arintzeko asmoz. Tratamendu soila izan edo beste batzuei lotuta egon daiteke, esate baterako, kirurgia, kimioterapia, etab. Erradioterapia tratamendu lokal edo loko-erregionala da (gongoilak edo tratatu beharreko eremuaren inguruko egiturak barne hartzen dituenean), hau da, minbizia edo inguruko eremua bere jatorrian tratatzen du.

Erradioterapiaren tratamendua aste bat eta zazpi aste bitartekoa da, tratamenduaren eremuaren, emateko dosiaren eta saioen guztizko kopuruaren arabera. Eguneroko saioak zenbait minutu soilik irauten ditu, teknikaren arabera aldatu daitekeen arren.

Erradioterapiak eragina izan dezake artatu beharreko eremuaren inguruko ehun osasuntsuetan eta, hanturaren ondorioz, bigarren mailako ondorioak agertu daitezke. Erradioterapiaren bigarren mailako ondorioak hainbat faktoreren araberakoak dira: Tokiko tratamendua izanik, bigarren mailako ondorioakk tratamendua egiten den organismoaren eremuaren, saio bakoitzeko dosiaren eta guztira jasotako dosiaren arabera aldatzen dira. Paziente bakoitzaren minberatasuna. Hainbat pertsonarengan ondorio minimoak eragiten ditu, baina beste batzuengan larriagoak izatean, kontrolatzeko tratamendu medikoa eman behar da.

Informazio gehiago edukitzeko, ikusi Erradioterapiaren bigarren mailako ondorioei buruzko gida.

Tratamendua amaitutakoan erradioterapiako onkologoarekin hitzordua eskatu beharko duzu onkologiako mostradorean. Kontsulta hori azken saiotik 2-3 astetara egin ohi da.

Tratamendua amaituta eduki arren, ondorengo 8-10 egunetan zure sintometan hobekuntza nabarmenik ez igartzeko eta horiek okertzeko aukera dago.Izan ere, aldi horretan oraindik ematen dira erradiazioaren ondorioak. Hori dela eta, tratamendua amaitu eta zenbait egun geroago erizainak telefonoz deituko zaitu zure egoera ebaluatzeko eta, hala behar izanez gero, hitzordu medikoa aurreratzeko. Dei horretan, sortu litezkeen zalantza berriak argitu eta erizainak kontsultako azken egunean adierazitako erradioterapien osteko zainketak gogoratuko dizkizute. Aldi horretan, eta medikuarekin kontsulta eduki arte, aurreko zainketa berak edukitzen eta tratamendua egin bitartean agindutako medikazio bera hartzen jarraitu beharko duzu. Molestia edo kezka sortu dezakeen sintoma finkorik agertuz gero, hurrengo hitzordura arte itxaron gabe zure medikuarekin hitz egitea garrantzitsua da.

Gauzak horrela, edonoiz zure egoera okertzen bada edo zalantzak sortzen badira, harremanetan jarri onkologiako zerbitzuarekin.

Bilbon, 2016ko apirilaren 14an.

Pedro Ensunza doktorea

IMQ Zorrotzaurre
94 475 50 00

Zalantzak dituzu? Informazio gehiago behar duzu?

Kontaktatu